2018ko ekainaren 11 eta 12an, Bizkaiak nazioarteko adituak bildu zituen inbestimendu arduratsuan (ESG) sakontzeko, Biscay ESG Global Summit biltzarraren bigarren edizioan.
2017ko Testigantzak

Jose Ignacio Goirigolzarri
“Bankian hazkunde-etapa berri bat hasten dugu orain. Eta etapa berri horretarako plan estrategiko bat prestatu dugu, datozen hiru urteetako bide-orria izan dadin.
Gure helburua Espainiako bankurik onena izatea da. Horri begira, kudeaketa arduratsuko eredu batez lan egiten dugu -horrela deitzen diogu-.
Kudeaketa-eredu horrek ahalbidetu behar digu banku handien liderra izatea, eraginkortasun, errentagarritasun eta kaudimen aldetik.
Finantza-emaitzak jasangarriak izan daitezen, stakeholder guztiei arreta bikaina eskaini behar diegu. Izan ere, jasangarritasuna ez da emaitza ekonomikoetan soilik oinarritzen, baizik eta emaitzak lortzeko moduan ere. Zergatiak moduak bezain garrantzitsuak dira. Gure kudeaketa-eredu arduratsua lau funtsezko zutabetan dago oinarrituta: Gobernu korporatibo bikaina, bezeroen gogobetetasuna, talde konprometitua, eta gizartearen aldeko ekarpena eta berarekiko konpromisoa.
Gainera, digitalizazio arduratsuaren kontzeptuan sakonduko dugu; bertan, gure bezeroen pribatutasuna eta haien datuen kudeaketa egokia izango dira gure erreferentzia nagusia.
Horixe da helburutzat hartzen dugun eredua”.

Carlota García-Mañas
Zer da inbertitzaile etiko baten inbertsio-politika?
Inbertitzaile arduratsuak, lehenik eta behin eta bereziki, inbertitzaileak dira; betebehar fiduziarioak dituzte euren onuradunekin, eta, gainera, errentagarritasuna bilatzen dute euren inbertsioen helburu estandarrekin (errentagarritasuna eta arriskua). Arduratsu bihurtzen dituena da parametro arduratsuak integratzen dituztela euren inbertsio-estrategian. Horrek esan nahi du inbertsioan kontsideratzen diren elementuak agian ez direla izango oinarri finantzario tradizionaletan sartu ohi direnak (adibidez: klima-arriskua).
Inbertitzaile etikoek zenbait muga dituzte euren inbertsioetan. Inbertitzaile etiko gisa, hau egiten dugu gugatik egin behar dena uste dugulako, hori egokia dela uste dugulako, ez arrisku-errentagarritasunaren arrazoiengatik. Onartzen dugu badagoela arrisku bat epe laburrera, hots, errentagarritasunak mugatuak izan daitezkeela, baina ez dugu uste epe luzerako errentagarritasunetan inpaktu handia egongo denik.
Inbertsioa egiterakoan, nola hartzen dituzu kontuan parametro ez-finantzarioak ?
Faktore ez-finantzarioak integratzeko, inbertsio arduratsuko esparru bat (hemen argitaratutako politika bat) eta kalifikazio-sistema bat ditugu. Inbertsio arduratsuaren inguruko itxaropenei dagokionez, pazientzia izan behar dugu zuzendariekin, baina batia koherenteak ere izan, eta haien kulturari, inbertsio-estrategiari eta bezero-oinarriari egoiktzen zaien bidaia batean lan egin behar dugu eurekin.
Nola monitorizatzen duzu helburu ez-finantzarioen lorpena?
ESG ezaugarrien monitorizazioaren kontuan, parametro multzo bat monitorizatzen eta jakinarazten dugu; adibidez: CO2 emisioak, kanpo-hornitzaileen datuak jasoz. Inpaktuaren monitorizazioa gehiago sakontzen dugu gure inbertsio arduratsuko taldea inpaktuko inbertsio betarantz hedatuz. Espero dugu, argi eta garbi, inpaktuaz arduratzen diren zuzendariek xehetasunez informatu dezatela euren estrategiak lortutako inpaktu positiboez. ESG txostenak egitera animatzen ditugu gure zuzendari guztiak. Halaber, gure zuzendarien kalifikazioak berrebaluatzen ditugu erregulartasunez, eta haien aurrerabidea monitorizatzen dugu.
Gainera, baditugu konpromiso bakoitza eta bozketa-jarduera bakoitza monitorizatzen dituzten barne-sistemak; horri begira, gure taldeak estu lan egiten du enpresa jakin batekin lortutako aurrerapenaren komunikazioan. Sistema horren barnean, “igoera progresiboko” mekanismoak sartzen dira; horien bitartez, jarrera sendoagoa har dezakegu enpresa jakin baten urteko batzarrean hartutako erabaki partikular baten kontra. Orobat, komunikazio estua izaten dugu gure zuzendariekin, eta gure jabetzari buruzko ikuspuntuak trukatzen ditugu.
Zer arazo izan dira gainditzeko zailenak?
Konpromisoaren ikuspuntutik, pozgarria da egiaztatzea datuak zehatzak direla eta eguneratuta daudela. Halaber, badira kontuan hartu beharreko barrera geografikoak eta gobernantza orokorreko barrerak, zeren horien eraginez inbertitzaileek zailtasunak izan baititzakete Batzordearekin elkarrizketatzeko.
Inbertsio arduratsuari dagokionez, ikusi dugu RI (inbertsio arduratsua) praktikak gutxiago sartu direla alternatibetan eta AEBetako merkatuan, nahiz eta hori aldatzen hasi den.
Nola bateratzen dituzu inbertsio-irizpideak inbertitzaile kristauentzat? (zeren oso ikuspegi desberdinak egon bailitezke Ingalaterrako Elizako kideen artean)
Guk ez dugu pentsatzen gure eginkizun edo helburua inbertsio arduratsu kristauaren praktika bateratzea denik. Hala eta guztiz ere, Ingalaterrako Elizaren beste bi Erakunde Inbertitzaile Nazionalekin batera lan egiten dugu, norabide beretik. Inbertsio Etikoaren Aholkularitza Taldea konpartitzen dugu, eta berak jarraibide etiko bateratuak eskaintzen ditu hiru erakundeentzat. Eremu praktikoan, taldeak erregulartasunez bildu eta komunikatzen dira, konpartitzen duten inbertsioaren elementuak uztartzeko. Dena dela, horietako bakoitzak bere inbertsio-estrategia propioa du, bakoitzaren lege- eta estatus-betekizunengatik.
Guk beste inbertitzaile kristau batzuekin ere lan egiten dugu, Elizaren Inbertitzaileen Taldearen bitartez. Gure ustez, erakunde kristau indibidualek euren RI adierazpide egokia aurkitu beharko lukete, hots, bakoitzarentzat egokiena dena. Saiatzen garena da gure esperientzia eta erabiltzen ditugun tresnak konpartitzen, garbi geratu dadin guztiek egin dezaketela zerbait euren balioak eta lehentasunak bakoitzzaren inbertitzeko forman islatzeko.
Zer bide-orri duzue datozen 5 urteetarako?
Gure helburua da erreferentziazko inbertitzaile arduratsu bat izaten jarraitzea eta aurrerabidea sustatzea, ESGak industria eta inbertsio-enpresen bidez txertatuz. Harro gaude gure pertsonalaren profesionaltasunaz eta gure lidergo gogoetatsuaz, eta inbertsio etiko eta arduratsuaren agendaren abangoardiako planteamenduak lantzen jarraituko dugu. Zehazki, Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordioaren aldeko jarrera sustatzen duten konpromiso-plataformen laguntzaile eta parte-hartzaile aktiboak gara, eta konpromiso publiko multzo bat dugu hartuta, IIGCC eta Klimaren aldeko 100+ Ekintzaren bitartez.

Wim Van Hyfte
“Zalantza geopolitiko eta sozioekonomikoen garai hauetan, nazioarteko inbertsio-komunitateak bere historiaren kapitulu berri bat idatzi behar du: alde batetik, ikuspegi holistikoa hartuz epe luzerako garapenaren eta jasangarritasunetik datozen aukera eta arriskuen arteko elkarreraginaz; eta, bestetik, jasangarritasunaren balio sozioekonomikoa osorik baloratuz alderdi interesatu guztiak ukitzen dituzten inbertsioei buruzko erabakietan”.

Jesús Martínez Pérez
"Iberdrolan gure interes-taldeek espero dutena kontuan hartuz garatzen ditugu gure jarduerak, balio jasangarriaren sorrera maximizatzeko xedez. Iberdrolaren estrategiak hori guztia laburbiltzen du: klima-aldaketaren aurkako borrokarekin konprometituta egotea eta gure jarduera-eremuko komunitateekin dugun harreman estua oso aitortuta eta baloratuta dauden alderdiak dira. Alde horretatik, finantziazio berdea –Iberdrola munduko liderra da horretan, enpresen mailan- elementu gehigarri bat da gure inbertsioaren norabidean, hau da, aktibo berriztagarrietan eta eraginkortasunaren hobekuntzarako eta hazkunde jasangarrirako –CO2 emisioak murriztuz- lagungarriak diren aktiboetan inbertitzearen alde egindako apustuan.
Gizarte-erantzukizuna edo Jasangarritasuna, edota, anglosaxoniarrek esaten duten moduan, ESG ikuspegia dira mundu jasangarriagoa eta bidezkoagoa sortzeko bidea. Biscay ESG Global Summitaren moduko ekitaldiak antolatzea ezinbestekoa da ikuspegi hori eragile ekonomiko guztiei eta gizarte osoari hedatzeko. Iberdrola harro dago ekimen hauekin kolaboratzeaz, zeren koherenteak baitira bere hazkunde jasangarrirako estrategiarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokatzeko konpromisoarekin".

Thierry Bogaty
“Goi-bilerak arrakastaz bildu zituen ESG ekosistemaren nazioarteko adituak: inbertsio arduratsuarekin konprometitutako finantza-profesional liderrak, eta baita ESG gaiekin inplikazio sendoa erakusten duten agintaritza publikoak ere”.

Sylvain Lambert
"Biscay ESG Global Summit 2017 inspirazio-iturri paregabea izan zen. Eztabaidak oso aberats eta biziak izan ziren, txostengileen goi mailari esker. Eztabaiden kalitateak eta zehaztasunak zirrara eragin zidaten. Goi bilera hura aukera ederra izan zen jende inspiratzailea ezagutzeko eta finantza arduratsuaren inguruan ditugun ikuspuntuak konpartitzeko”.

Mark Lewis
Zer pentsatzen duzu finantzak egiteko modu berri eta jasangarri baten alde Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako ekimenaz?
Nire ustez, oso ekimen egokia da, zinez garrantzitsua eta gaurkotasun handikoa baita. Gaur egun, inbertitzaileek finantzen jasangarritasunari buruz duten pentsaera sakon aldatzen ari da, baina finantzak jasangarriak izatea ez da inbertitzaileentzat soilik garrantzitsuak, baizik eta baita pertsona guztientzat ere. Azken batean, ESG irizpideak erabiltzea inbertsioen prozesua eta horizontea aldatzeko ahalegin bat besterik ez da. Epe luzeagoko horizonteetara begiratzea da, merkatuen epe laburreko ikuspegitik harago. Epe luzera inbertitzeko forma honek kontuan hartzen ditu epe laburrerako inbertsio-prozesu arruntek baztertzen dituzten faktore batzuk, alegia, garrantzitsuak diren faktore batzuk. Horregatik, uste dut une egokia dela Bizkaiko Aldundiak ESG irizpideak eta jasangarritasun-irizpideak finantzen alorrean bultzatu ditzan.
Zerbait aldatzen ari da finantzen munduan. Baina badute etorkizunik ESG irizpideek, ala laster desagertuko den joera bat da?
ESG irizpideak inbertitzeko orduan erabiltzeak ez du atzerako bueltarik. Oraindik ere gogoratzen dut nola 2005ean, karbono-merkatua bere lehenengo urratsak Europan egiten hasi zenean, energia-sektoreko konpainia batek komentatu zidan bazutela ekimen bat edo beste emisioen inguruan, baina ez zeudela konbentzituta klima-aldaketa gizakion eragindakoa izateaz, eta ez zutela asko sinesten karbonoaren merkatuan. Eta euri azidoaz hitz egiten zidan. Harrezkero, baina, oso aldaketa garrantzitsuak egon dira: garai hartan hizpide genuen euri azido hura desagertu egin da, legegileek arazo hori konpondu egin dutelako onartutako politiken bitartez. Gero eta frogatuago dago gizakia dela klima-aldaketaren eragile nagusia. Gero eta pertsona gutxiagok ukatzen dute ebidentzia hori.
Inbertitzaile gehien-gehienek onartu dute gertaera horiek benetakoak direla. Eta oraindik ere eszeptikoak direnek onartu dute munduko gobernuek lehentasuna eman diotela klima-aldaketaren aurkako borrokari, eta, hortaz, inbertitzaile eszeptiko horiek erregulazio-esparrua onartu behar izan dute, nahitaez; horregatik, esan daiteke borroka irabazita dagoela.
Horregatik, ez gara moda batez hitz egiten ari. Erregulaziotik, ekonomiatik eta gizartetik ESG irizpideen garrantziari buruz datozen seinale horiei jaramonik egin nahi ez dienak ez du etorkizun luzerik izango industria honetan. Horrela adierazi die munduko inbertsio-funtsen kudeatzaile nagusiaren presidenteak –Blackrock Larry Fink- AEBetako enpresa nagusietako kontseilari delegatuei bidalitako azken gutunean: “zuen jardueren gizarte- eta ingurumen-inpaktua kontuan hartzen ez baduzu, ez duzue lekurik izango gure zorroetan”.
Nolakoa da gure jokabidea Parisko 2015ko Akordioaren helburuari begira?
Hemen bi ikuspuntu desberdin nabarmendu beharko lirateke.
Lehenik eta behin, kontuan hartu behar da Parisko Akordioak desadostasun bat azaltzen duela bi alderdiren artean: alde batetik, epe luzera ezarritako helburua, alegia, munduko batez besteko tenperaturaren igoera 2ºC-tik behera mantendu behar da, maila aurre-industrialak erreferentziatzat hartuta; bestetik, planteamendu nazional gehienek Parisen adierazitako anbizio maila. Arazoa da Parisko Akordioak helburua ematen digula, baina ez irtenbidea. Bost urtetik behin, eta hau iragarrita zegoen, herrialde guztiek berraztertu behar dute euren anbizio maila. 2018an, aurreneko aldiz, herrialde guztiek euren eboluzioa eguneratuko dute, 2023an helburu berriekin konprometitu ahal izan daitezen. Alderdi positiboa da gobernuek malgutasun handiagoa izango dutela etorkizunean, teknologiaren eboluzioari esker. Izan ere, teknologiari esker, edozein politikarirentzat gero eta errazagoa izango da anbizio maila handiagoa izatea klima-aldaketaren aurka borrokatzeko helburuak ezartzerakoan. Ikusi besterik ez dago zein arin eboluzionatu duen offshore teknologiak energia haizetik eskuratzeko, elektrizitatea ekoizteko kostua modu drastikoan murriztuz, eta gauza bera gertatu da energia fotovoltaikoarekin ere.
Hasieran aipatzen duen bigarren puntua anbizio maila azkartzeko beharra da. 2018ko abenduan Katowicen (Polonian) egingo den COP24 bilera izango da anbizio maila hori ikusteko lehenengo aukera. Ez dut uste aurrerapen mardulik egongo denik, baina une garrantzitsua izango da herrialdeen konpromisoa ikusteko, maila politiko eta sinbolikoan. Ikusi beharko da, adibidez, ea AEBek azkenean eusten dioten Parisko Akordiotik ateratzeko asmoari, zeren aspaldi honetan mezu kontraesankorrak egon baitira, hots, akordiora itzul zitekeela dioten mezuak.
Zein izango litzateke zure mezua ESGan sinesten ez duten herritar arruntentzat, edo ingurumen, gizarte eta gobernantzaren alorreko gaiei garrantzirik ematen ez dietenentzat?
Herritar arrunten kasuan, arazoa da klima-aldaketaren kontzeptua oso abstraktua dela. Beraz, konkretatu egin behar da. Ikusten ari gara, baina, pertsonak gero eta gehiago kontzientziatzen ari direla eta hori erantzunak sortzen ari dela legegileen aldetik. Adibidez, Erresuma Batuan, oso neurri konkretuak aztertzen ari dira plastikoen erabilera murrizteko, eta, hortaz, azkenean ozeanoetara iristen diren hondakin plastikoak murrizteko. Izatez, britainiar gobernuak konpromiso hau hartu du: plastikoren kontsumoa modu drastikoan murriztea 2040 urterako.
Dena dela, beharrezkoa da klima-aldaketaren inpaktua froga konkretu eta funtsezkoetan islatzea, edozein pertsonak ulertu ahal izan dezan haren garrantzia.

Rosa García
“ESG printzipioak Siemens Gamesaren zati izan dira sortu zirenez geroztik (2008aren inguruan); horri esker, printzipio horiek eta haien oinarriak gure Negozioaren Estrategian egon dira txertatuta. Halaber, rol aktiboa jokatu dugu ESG parametro horien eta informazio ez-finantzarioaren definizioan eta eguneraketan, “Global Reporting Initative” ekimenean parte hartuz eta gure erakunde osoa kontzientziatuz ESGren garrantziaz, diru-konpentsazioa lotuz ESG helburu jakin batzuen lorpenarekin. Siemens Gamesaren lan eta konpromiso hori guztia aitortuta geratu da ESG indize orokor nagusien bidez, hala nola Dow Jones Sustainability Index, FTSE4GOOD, Ethibel, ECPI eta Global Challenges Index. Eskerrak ematen dizkiegu erakunde publikoei, kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundiari eta Biscay ESG Global Summit goi bilerari, prozesu horretan jokatzen duten gidatze-rol aktiboagatik. Horrek interes-talde garrantzitsu guztien inplikazioa eskatzen du, eta negozio-eredu jasangarrien oinarria delakoan gaude.

Mª Luz Castilla
“Erregulazioaren eremuan eta alor instituzionalean gertatutako aldaketek gero eta protagonismo handiagoa ekartzen diete alderdi ez-finantzarioei edo ESG alderdiei (Environmental, Social and Governance). Informazio ez-finantzarioaz Informatzeko Zuzentaraua orain dela gutxi inplementatu da, eta horrek behartzen du gizarte, ingurumen eta gobernu onari buruzko informazioa kudeaketa-txostenetan sartzera. Task Force for Climate Disclosure taldearen gomendioek iradokitzen dute klima-arriskuen inguruko gardentasuna areagotzea. Europako Batzordearen Ekintza Plan berriak bultzada irmoa ematen die finantza jasangarriei.
Testuinguru horretan, ESG alderdiak erabaki estrategikoak markatzen ari dira. Biscay Global Summit erreferentzia-puntu inspiratzaile bat da azken joerak aztertzeko, inbertitzaileen eta analisten ESG irizpideak ulertzeko eta ESGren alorreko azken garapen instituzional eta korporatiboak gertutik ezagutzeko, goi mailako liderren eskutik. Goi Zuzendaritzaren agendan sartu beharreko topaketa bat, zalantzarik gabe”.

Steven Smit
“Konferentzia arrakastatsua izan zen, zeren lortu baitzuen alderdi interesatu asko erakartzea (enpresak, inbertitzaileak, gobernuak), ESGek euren erakundeei ekar diezaiekeen onuraz ikasteko. Konferentzia leku ona izan zen sarean lan egiteko, ikasteko eta inbertsio jasangarriari buruzko ideiak konpartitzeko. Konferentziak goi mailako publikoa izan zuen eta oso ondo egon zen antolatuta”.

Josu Jon Imaz
“Jasangarritasuna helburu estrategiko bat izan behar da enpresentzat, gure konpainietako inbertitzaile askoren funtsezko elementua izateaz gain. Horregatik, gero eta neurri handiagoan orientatzen gara ESG irizpideekin inbertitzen duten inbertitzaileengana. Ekitaldi hau oso erabilgarria da esperientziak konpartitzeko eta ingurumen, gizarte eta gobernantzaren alorreko irizpideengatik kezkatuta dauden eragile guztiak inplikatzeko: enpresak, finantzen eta inbertsioen komunitatea, instituzioak eta, oro har, alderdi interesatuak. 2017ko ekitaldiaren esperientzia oso positiboa izan zen guretzat”.

Jan Poser
Zer pentsatzen duzu finantzak egiteko modu berri eta jasangarri baten alde Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako ekimenaz?
Bizkaiko Foru Aldundia pentsaera-lider ospetsu gisa finkatzen ari da Europako eskualde-administrazioen artean. Garbi ikusi du ekonomiak aldatu egin beharko duela gure ekoizpen- eta kontsumo-modua. Erabaki hori oso onuragarria izango Bizkaiarentzat, zeren etorkizunera orientatutako negozio-ereduen polo bihurtuko baitu.
Zergatik da hain beharrezkoa ESG irizpideak (ingurumena, alderdi soziala eta gobernantza) erabiltzea inbertsioak egiterakoan?
Azterketa bat ez da osoa ESG faktoreak integratzen ez baditu, zeren datu multzo garrantzitsu bat baztertzen baitu. Are gehiago, jasangarritasun globalaren joerak erabakigarriak izango dira biharko negozioetarako. Seguruenik, joera horiek kontuan ez hartzeak porrotera eramango du negozioa. ESG faktore materialak erabakiak hartzeko prozesuetan osorik integratzea da aurrera egiteko modu bakarra, bai alor publikoan eta bai enpresa mailan edo finantza-merkatuetan.
Irabaziak galdu behar ditu inbertitzaileak ESG irizpideak erabiltzen baditu inbertitzerakoan?
Alderantziz: eginda dauden hainbat azterlan akademikok erakusten dute ESG faktoreek irabaziak areagotu ditzaketela. Arrazoia agerikoa da: datu garrantzitsuak baztertzea ez da lagungarria errendimendurako. Hortik ondorioztatuko nuke ESG faktoreen integrazioa betebehar fiduziario bat dela inbertitzaile guztientzat, euren inbertsioen mozkinei dagokienez.
Zer esango zenieke ESGan sinesten ez duten inbertitzaileei, edo ESG irizpideak erabiliz inbertitzea oraindik ere erabaki ez duten horiei?
ESGak zabaldu eta sakonduko du zure ikuspegia. Inbertsioei buruz eztabaidatzerakoan, hobeto egongo zara informatuta. Tresna ahaltsua da zure aktiboen administratzaileekin, zure bezero eta onuradunekin eta zure partaidetzako enpresekin jarduteko. Errendimendua jasotzen ez badu ere, pasio maila igoko luke nonahi, zeren zorroek profil hobea izango baitute auzien, karbono-aztarnaren eta gure planetaren jasangarritasunarekin lotutako beste irizpide askoren ikuspuntutik.